Emakunde sortu zuen otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 4. artikuluak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15. artikuluak xedatutakoaren arabera, legegintzaldi bakoitzean, Emakundek plan orokor bat egin behar du Eusko Jaurlaritzak onetsi dezan, legegintzaldia hasi eta 6 hilabetera. Plan horretan, hain zuzen, euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango dituzten jarduerak orientatzeko jarraibideak eta gidalerroak modu koordinatu eta orokorrean jasoko dira.
Plan hori egiteko orduan, euskal herri-administrazio enparauei parte hartzeko aukera eman behar die Eusko Jaurlaritzak. Gobernu Kontseiluak plana onetsi duenean, Eusko Legebiltzarrari jakinaraziko dio eta foru- eta toki- administrazioei bidaliko die.
Egun indarrean dagoen plana 2006ko irailaren 26an Gobernu Kontseiluak onetsi zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV Plana da.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.2 artikuluak agintzen duen moduan, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak egingo ditu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV Planaren jarraibideak eta gidalerroak garatzeari dagokionez.
Hura arautzen duen dekretuaren 2. artikuluari jarraiki, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordeak 4/2005 Legearen 15.2 artikuluan agindutakoaren arabera sailek osatu behar dituzten plan edo programen aurreikuspenei dagozkien burututako ekintzen eta erabilitako bitarteko zein baliabideen jarraipen-txostena urtero landuko du.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordearen 2008ko martxoaren 12ko bileran, 2007. urteari dagokion jarraipen txosten bateratua aurkeztu zen. Txostena Emakundek egin zuen Jaurlaritzako sailek emaniko informazioa abiapuntutzat hartuta.
2007ko Jarraipen Txosten Bateratua
Herri aginteak
Legealdiz legealdi Eusko Jaurlaritzak onesten dituen emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak betetzea euskal herri aginte guztiei dagokie.
Sortu zuen Legearen 4. artikuluak agintzen duenari jarraiki, indarren dagoen planaren helburuak herri aginteek zenbateraino beste dituzten aztertzen duen jarduera txosten bat egin behar du Emakundek.
Erakunde honek jarduera txostenak Eusko Legebiltzarrari jakinarazi eta foru- eta toki- administrazioei bidali behar dizkio.